Bizilore
Bizilore izeneko eskola komunitate berri
baten inguruan hitz egingo dizuet gaurkoan, beste modu bateko eskola eredu bat
posible denaren erakusle dena. Tertulia-dialogiko honen sarreran aipatzen den
Rebeca Wild pedagogaren aipuarekin (2007) emango diot sarrera nire
hausnarketari: “Gaur egun gizarteak bizi dituen arazo larrien aurrean,
pertsonen arteko erlazioak beste modu batera eraikitzeko bideak jorratzen
dituzten ekimenak sortzen ari dira”. Hauetan, ez da indartsuenaren
nagusitasuna ahulenaren aurrean inposatzen, eta ondorioz, hau da, bide hau
hartuz eta orain arteko ikuspegia aldatuz, pertsona heldua erronka berrien
aurrean jartzen da, testuan aipatzen den bezalaxe.
Lehenik eta behin, ikaslearengan
oinarritutako eskola komunitate bat dela esan behar da, eta horren adibide
bezela jar nezake haur bakoitzari bere iniziatibatik sortutako jolasak aurrera
eramateko erramintak eskeintzen dituztela. Horren haritik, UNESCOk 2004ean hezkuntzak,
testuinguru guztietan, ikaslearengan oinarritutako ikaskuntza metodoak erabili
behar dituela aipatu zuela azpimarratzen du. Hezkuntza ez zuzentzaile bezala
definitzen dute euren burua, eta hezkuntza mota honetan pertsonak hazi eta
garatzeko duen funtzio aktiboa defendatzen da. Hau ahalbideratzeko,
epaiketarik, baloraziorik edota interpretaziorik gabeko ingurunea sortzen dute
eta norberaren hazkuntza prozesu pertsonalean aske izaten uzten dute,
hezitzaileon jarrera esku-hartzailea ekidituz, justu azken hau baita Piklerren
ustetan haurra pasibo bilakatzen duena.
Bigarrenik, eskola aktiboaren oinarriak
ulertarazi dizkit irakurgai honek, hala nola, ikaskuntza indibidualizatua eta
autonomoa izatea, ikaskuntzaren izaera globalizatzailea izatea, bizipenei lekua
uztea, eskola dinamikoa izatea eta dokumentazioari garrantzia ematea, eskola
eta familiaren arteko elkarlanari garrantzia ematea, eta azkenik, naturarekiko
harremana bultzatzea. Honen ostean, oinarri bakoitza banan-bana aztertzea
gustatuko litzaidake:
-Ikaskuntza indibidualizatua eta autonomoa: Indibidualizatua
izateak bakoitzaren erritmo ezberdin eta errepikaezinak errespetatu behar
direla suposatzen du, bakoitzak bere denbora behar duelako gauzak ikasten edota
barneratzen joateko. Honetarako, metodologia aktiboak erabiltzen dira, egindako
proiektu guztietan behar pertsonalak zein taldearen beharrak kontuan hartuz.
Honako hau aurrera eraman ahal izateko, beharrezkoa litzateke gaur egungo
hezkuntza tradizionalean ditugun ratio erraldoiak txikitzea, adibidez
hezitzaile bakoitzeko lau-bost ume.
-Ikaskuntza globalizatua: Adituek
diote haurrei osotasuna interesatzen zaiela, dena batera ikusten baitute eta
pertzepzio orokorrak baitituzte. Honek esan nahi du haurrek modu globalean
ikasten dutela. Irakasleon lana izango da beraz haurrei kuriositatea pizten
dien orotaz ohartzea, horrela, ikasleen interesa eta motibazioa handiagoa
izango da eta errazago lortuko dute ikaste prozesuarekin aurrera jarraitzea.
Izaera globalizatzailea posible izan ahal izateko, Bizilore eskola komunitateak
hainbat neurri ezarri ditu: denborak ez daude ikasgaika antolatuta (honen
ordez, ingurunea modu aktiboan esploratzera animatzen dituzte haurrak), haurren
parte-hartze erreala sustatzen dute (haiek esandakoari benetan kasu eginez eta
haien iritziak garrantzitsuak direla adieraziz, ez gaur egungo hezkuntza
tradizionalean bezala), “topagune” izeneko txokoak izendatu dituzte bakoitzak
nahi edo behar duena esan dezan (askatasunez erabakiz ea hor parte hartu nahi
duten edo ez). Baina, hau guztia ez litzateke posible izango bidelagunik gabe;
bidelagunen funtzioa haur bakoitzaren interes eta beharrak behatzea da, honela
soilik izango direlako gai dinamika, ekintza edota material egokiak eskaintzeko.
Azken finean, gu, hezitzaile bezala, saiatu behar gara eskua gehiegi ez sartzen
eta haur guztiei benetako protagonismoa ematen; betiere presentzia eta
beharrezko laguntza osoa emanez ekintza guztietan.
-Bizipenei lekua: Irakasleon ardura da ikasleei
bere emozioak adierazten laguntzea, baita bakoitzari izena jartzea ere.
Horretarako, Biziloren helduek zein haurrek partekatzen dituzte euren egoera
emozional eta sentipenak. Eskola hauen egunerokotasunean bizipenei eta emozioei
lekua egitea oinarri metodologiko garrantzitsuenetariko bat da, eta espero dut
ni irakasle naizenean ere hau praktikan jartzea, nik ere oinarri oso
garrantzitsu bat dela baderitzot.
-Eskola dinamikoa eta dokumentazioaren garrantzia: Eskolek
garai berrietara egokitu behar dute, eta horretarako garrantzitsua da hezkuntza
sailan lan egiten (edo egingo) dugunok hausnartzea eta berritzea, eta kasu
askotan hausnarketa hori hastea dokumentazioaren bidez lortzen da. Biziloren
hilero egiten dituzte hausnarketa bilerak, zeinak haurtzaroa ulertzeko eta
ideiak partekatzeko baliagarriak diren.
-Eskola eta familiaren arteko elkarlana: Pedagogia
sistemikoa deituriko korronteak haur bakoitza bere inguruneko partaide dela
dio, eta pertsona bakoitzari lekua ematea du helburu (pertsona bakoitzaren
egitura desberdinak kontuan hartuz). Eta horretarako, “eskola erakundeen eta
familiaren arteko elkarlanek hezkuntza prozesuaren oinarri izan behar dute”
(Olvera, 2009). Biziloreren kasuan bereziki eskola eta familiaren arteko
elkarlana beharrezkoa izan da, gurasoen esfortzuari esker martxan jarritako
proiektua baita. Eta ez hori bakarrik, hausnarketa-bilerak egiten dituzte
hilero, non eskolari lotutako gai askoren inguruan gogoeta egiten duten.
Gainera, haurrak bi hauen arteko erlazio sakona eta harreman estua ikus dezake,
haurrak eskolarekiko duen konfiantza handitzeko asmoz.
-Naturarekiko harremana: Gaur egun eskoletan
dagoen natura-falta aski nabaria da; ikerketek diotenez soilik %29k du aire
libreko tartea. Ingurunearekin harremanak eta aire librean egindako jolasak
haurraren osasun eta ongizatea hobetzen laguntzen dutenez, egungo egoerari
buelta emateko zenbait hezkuntza-proiektu berri garatzen ari dira mundu osoan
zehar. Biziloren konkretuki, kanpoko espazioari lehentasuna eskaintzen zaio,
haurrek naturarekin duten harremana estua eta egunerokoa izan dadin. Antza
denez, eskolako eraikinak eskaintzen dizkien aukerez gain, urtean zehar
inguruko zenbait espazio naturaletara irteerak egiten dituzte. Honetaz gain,
etorkizunerako hainbat proiektu jarri dituzte martxan, hala nola, baratza,
oilategia, zubi tibetarra, eskuz martxan jartzen den iturria edota tirolina.
Azkenik, ondorio gisa azpimagarria
iruditzen zait aipatzea Bizilore eskola komunitatea eskola aktiboen adibide oso
egoki gisa hartu daitekela, lehen aipatu ditudan eskola aktiboen oinarri
guztiak betetzen baititu. Hala ere, konturatu naiz gaur egungo eskola
gehienetan ez direla printzipio hauek aplikatzen, batzuetan ez asmorik ere.
Horregatik, gustatuko litzaidake etorkizunera begira Biziloreren oinarriak
eskola gehiagotara zabaltzea, hezkuntzarentzan onuragarria izango baita, baita
haur ororentzat ere.
Tertulia dialogikoaren link-a: https://egela1819.ehu.eus/mod/resource/view.php?id=1411477
Tertulia dialogikoaren link-a: https://egela1819.ehu.eus/mod/resource/view.php?id=1411477
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina